2015(e)ko urtarrilaren 8(a), osteguna


AZKEN HAUSNARKETA

Bueno ba, heldu da irakasgaiari buruzko hausnarketa orokorra egiteko ordua. Zenbait aste igaro dira lauhilekoa hasi genuenetik, eta esan beharra daukat hasieran neukan ustea aldatu egin dela nahikotxo. Ez naiz oso informatika zalea, ez naiz oso ondo konpontzen teknologia berriekin, eta bereziki, ordenagailuekin. Beraz, irakasgai hau hasi baino lehen oso ondo moldatuko ez nintzela eta aspergarria egingo zitzaidala pentsatzen nuen. Baina asteak joan eta etorri ahala, oso irakasgai interesgarria iruditu zitzaidan eta entretenigarria, eta ikusi nuen, ez nintzela hain txarto moldatzen irakasleak eskatzen ziguna egitean.

Lan egiteko moduari dagokionez, nire balorazioa oso positiboa da.

Alde batetik, saio teorikoetan, aurkezpenen bidez lan egitea modu desberdin eta interesgarria iruditu zait, izan ere, talde bakoitzak gai bat landu behar izan du, eta klasearen aurrean ahalik eta ondoen azaltzen saiatu da. Orain arte egindakoarekin konparatuta, hau da, irakaslearen azalpena entzuten egon behar izana denbora osoan, metodo hau gehiago gustatu zait, eta adiago egoten lagundu dit. Gai batzuk besteak baino interesgarriagoak iruditu zaizkidan arren, ondo aukeratuta egon direla uste dut, eta oso erabilgarria izan da eurei buruzko azalpena entzutea, etorkizunean kontuan hartzeko moduko kontzeptuak ikasi baititugu.

http://hablaenpublicoconpoder.com/blog/reglas-de-diseno-para-presentaciones-efectivas.html


Saio praktikoetan egindakoa oso baliagarria izan da, eta gainera, era aktibo batean lan egiteak, arreta jartzea erraztu du, bai eta gure interesa piztea ere. Saio hauetan landu ditugun programan bereziki erabilgarriak izango dira, umeekin lan egiteko moduko hainbat tresna ezagutu ditugulako, eta eskolara teknologia berriak eramatearen garrantzia ulertu ahal izan dugulako. Irakasleak askotan aipatu digun bezala, aurten landutakoarekin bakarrik ez da nahikoa izango, izan ere, teknologia berriak aldatuz eta berrituz doazen heinean, hekuntzarako erabilgarri diren tresnak ere aldatuz doaz, eta horretarako beharrezkoa da irakasle guztiak tresna berri horietan trebatzen joatea. Lauhileko honetan landu duguna, oinarri sendoa izan daiteke etorkizunean topatuko dugunarekin jarduteko.
http://www.ticbeat.com/general/por-favor-facebook-fuera-trabajo/



Blogarekin lan egitea oso modu polita iruditu zait. Nahiz eta eskolan blogekin aritu nintzen, orain arte ez dut ondo jakin nola funtzionatzen zuten, eta blog propioa izateak asko lagundu du horretan. Ideia ona izan da blogean gure asteroko hausnarketan idaztea, horrela egindako lanaren jarraipen egokia egin daiteke, eta guk ere, egin dugunaz pentsatzeko aukera izan dugu, gure balorazioak eginez, eta gure ideiak azaldz.


Beraz, laburbilduz, oso gustora ibili naiz irakasgai honetan, eta hasieran neukan ideia guztiz aldatu da. Teknologia berriekiko nire ezagutza handitu egin da, eta nahiz eta oraindik asko daukadan ikasteko, irakasgai hau benetan baliagarria izan da. Hezkuntza teknologia berrien beharra argi dagoela ikusi dut, eta tresna baliagarri asko daudela umeekin horiek lantzeko. Irakasleak prestatu beharra dago, etorkizunean ikasleek ezagutuko dutenarekin laguntzeko, eta gogoan izan behar da, prestakuntza horrek ez duela etenik, teknologia berrien aldaketa eta garapenak etenik ez duen bezala. Honekin, beraz, ez da nire prestakuntza amaitzen, eta IKTen inguruan informatzen eta hezten jarraituko dut, etorkizunean irakasle ona izateko xedearekin.